Sarrera

Donostia, 1966. EHUn Geografia eta Historian lizentziaduna da eta, egun, bertako irakasle ere bai. Gasteizen bizi da. Zaldua ipuin arloan da nabarmena. Ipuinlaritzat dauka bere burua. Halaber, saiakera, haur eta gazte literatura, komikia eta literatur eta musika kritika ere lantzen ditu. Era berean, literaturari buruzko Volgako Batelariak aldizkari digitalaren partaide nagusietakoa da. 

Zalduak istorio zorrotz, ironiko eta umoretsuak eraikitzen ditu. Bere lanen beste ezaugarri nabarmena egileak paradoxak eraikitzeko daukan joera litzateke. Baita errealitatea eta fikzioa nahasiz, hiper-errealitateak sortzeko abilezia ere.

Horren adibide, ondoren entzungai duzun ‘Etorkizuna’ ipuina. Etorkizuna liburuko hamabost ipuin politikoetako bat.

Ipuina

–Ama, hildakoak, nora eramaten dituzte?
Amak ez entzunarena egin du, alabak galdera errepikatuko ez duen itxaropenarekin.
–Amaaa. Galdera bat egin dizudalaaa…
–Zein galdera, laztana? Barkatu, ez dut entzun. Dena dela, ez al zaizu iruditzen mantsoegi zoazela zure askariarekin? Ale, animo, ogitartekoa amaitzen baduzu laranja-zukua egingo dizut eta.
–Ea hildakoak nora eramaten dituzten galdetu dizut, ama.
–Hildakoak? Ba, bueno, batzuk lurperatzen dituzte. Horretarako dira kanposantuak; badakizu, Iparraldeko parkerako bidean dagoen lorategi hori… Paretik pasatzen gara maiz.
–Lurperatu egiten dituztela?
–Bai, lurperatu, lur azpian sartu.
–Lur azpian: biluzik?
–Ez, ez, jantzita. Lehenengo egurrezko kutxa batean sartzen dituzte, eta kutxa da lurrean egindako zuloan ipintzen dutena; hori hilobia deitzen da. Gero lurrez estali eta bertan uzten dute.
–Batzuk lurperatzen dituztela esan duzu. Eta besteak?
–Beste batzuk erraustu egiten dituzte.
–Erraustu?
–Bai, erretzen dituzte; errauts bihurtu. Labe berezi batzuetan.
–Eta zer egiten dute errautsekin?
–Ba… batzuk leku jakin batean haizatzen dituzte, hildakoari asko gustatzen zitzaion lekuren batean adibidez. Beste batzuk, berriz, ontzi berezi batean gordetzen dituzte.

–A…
–Baina, esan, Ixiar, nork hitz egin dizu hildakoei buruz?
–Iñakik.
–Iñakik?
–Bai, ikastolakoak, gure gelakoak.
–Eta zer dela eta kontatu dizu ezer hildakoei buruz?
–Bere aitak esan diolako egunen batean hilko dela.
–…Hilko dela…? Baina… Nola…?
–Ba horixe, egunen batean hilko dela. Eta bere aita ere bai.
–Eta kontatu al dizu zer gertatzen zaien hildakoei hil ondoren?
–Aitak esan zion Iñakiri zerura joaten direla, eta izar bihurtzen direla han: horregatik daude horrenbeste. Hala al da?
–Bueno, hori da batzuek pentsatzen dutena.
–Beraz, lurperatzen dituztenak hilobitik atera eta zerura abiatzen dira?
–…
–Eta errausten dituztenak, ama? Nola egiten dute horiek zerura igotzeko, eta izarren moduan pizteko?
–Esan dizut ba hori pertsona batzuek pentsatzen dutena dela, Ixiar.
–Eta zuk? Zer uste duzu zuk, ama?
–Ba… ba ez dagoela ezer. Hil ondoren ez dagoela ezer. Desagertu egiten direla hildakoak, animaliak bezala.
–Ni hilko naiz, ama?
–Ez, zu ez, laztana, zaude lasai.
–Eta zu, amatxo?
–Ezta ere. Eta orain, segi jaten, edo ez dugu sekula amaituko. Lagunekin parkera jaitsi nahi baduzu hobe duzu ogi-apurrik ez uztea, ados?

Geroago, Ixiar oheratu ondoren, etxeko androideak prestatu eta zerbitzaturiko Meunière mihi-arraina afaltzen ari direla, amak bota dio aitari:
–Heriotzaren kontuarekin hasi zait gaur zure alaba.
–Hara!
–« Hara »: hori al da bururatzen zaizun guztia?
–Tira, emakumea, ez da horrenbesterako, ezta?
–Eskolako batek komentatu dio. Iñaki delako batek. Ezagutzen al duzu? Ba al dakizu zeintzuk diren bere gurasoak?
–Iñaki, Iñaki… zein esaten duzu, ile horixka duen hori, estratobus geltokikoa? Abizena Argandoña duela uste dut… plaza ondoko domoetako batean bizi dira, oker ez banago.

–Zuk uste duzu… hilkorrak direla?
–Ez nuen sekula horretan pentsatu, baina… bai, posible da.
–Nik uste nuen, Lizeora bidalita, Ixiartxo ez zela halako jendearekin nahastuko.
–Hiriko eskolarik garestienetako bat da, eta horregatik aukeratu genuen. Izan ere, ez dut uste hilkor asko egongo denik bertan matrikulatuta. Baina Lizeoak ezin du bazterketarik egin, kuotak ordainduz gero behintzat, eta are gutxiago hilkorren eta hilezkorren artean. Jaurlaritzaren diru-laguntza galduko luke bestela.
–Ba ez zait ondo iruditzen, Imanol. Eta gure alaba Iñaki horren lagun mina egiten bada? Oso harreman desorekatua izango litzateke. Iñaki hori hil egingo da egunen batean, ezinbestekoa da, eta horrek min handia emango lioke gure Ixiarri. Uste nuen horretaz hitz egin genuela, bakarrik hilezkorrekin ibiltzea komeni zitzaiola gure alabari.
–Bost urte besterik ez ditu, Maite! Egon lasai.
–Halere… Eta, bestalde, ez dut ulertzen, Lizeora bidaltzeko adina diru izanda, nolatan ez ziren gai izan semearentzat hilezkortasun programa genetiko bat ordaintzeko. Krudelkeria iruditzen zait.
–Ez dakigu zergatik ez duten egin. Agian umea jaiotzera zihoanean ez zeukaten diru hori. Eta, bestalde, badago hilezkortasuna arbuiatzen duenik ere, ondo dakizu, nahiz eta dirua izan.
–Ez dut sekula ulertuko, benetan.

Ariketak

HIZTEGIA

 

BERRIDAZKETAK

 

perpaus KONPLETIBOAK

ZEHAR GALDERAK

 

BALDINTZAzko perpausak