Béatrice Urruspil

Béatrice Urruspil

Ispiluak

BEATRICE URRUSPIL Donapaleun sortu zen, 1975ean. Arte ederretan eta euskal filologian diplomatua da, eta gaur egun arte, erakusketak antolatzen ditu, kostaldeko elkarte batean.

Gizaki bakartiak liburuan, bakardadearen hainbat aurpegi hamahiru ipuinetan, Ispiliuak barne, kontatuak zaizkigu.

Bakartasuna hautua izan daiteke; baina, anitzetan, sufrikarioa da, batez ere besteengandik desberdinak baldin badira, eta horregatik baztertuak.

Ipuina

Lilak ispiluari begiratu zion. Idazle izan nahi zuen emazte gaztea zen. Asteak iragan zituen istorio baten bila. Bi hitz baizik ez zituen asmatu: « bakarrik naiz ». Bi hitz bakar horiekin, liburu bat idazteko asmoa zuen. Agian, norbaitek « Ni ere » erantzungo zion…

Bere apartamendu tipian hamar ispilu kokatu zituen. Hasieran, hamar Lilarekin bizi zela iruditu zitzaion. Gero, ispiluak etsai bilakatu ziren, haien aitzinean pasatzen zen bakoitzean bakarrik zela oroitarazten baitzioten.

Behin, sagu bat agertu zitzaion. Pozik zen bizilagun bat ukaiteaz; baina, denbora guti barne, apartamendua saguz bete zen; gatu bat hartu behar izan zuen. Jan eta lo egin, ez zuen besterik egiten. Ez zen Lilak espero zuen bizilaguna…

Berriz ispiluari begiratu zion, ea, haren ordez, ezezagun bat agertzen zen; lagun anitzez inguratua zen emaztea, gizonekin arrakasta handia zuen emaztea.. Baina ez, betiko Lila ikusi zuen.

Atzo oporrak hartu behar izan zituen. Oporrak gorrotatzen zituen, ez baitzen aste luze horietan nehorekin mintzatzen. Bulegoan, bederen, lankideen abenturez gozatzen zen. Lilari ez zitzaion nehoiz ezer gertatzen; orduan, gezurrak kontatzen zituen; asteburuak lagunekin diskotekan dantzatzen pasatzen zituela, Gexan izeneko maitale zoragarriak arrosak eskaintzen zizkiola.. Lanean, beste Lila bat zen, izan nahi zuen Lila ausarta. Ispiluan, herabeegia zen hogeita hiru urteko emaztea baizik ez zen agertzen. Ispiluek ez dute sekulan gezurrik erraten…

Ondoko apartamenduan musika entzun zezakeen. Auzoko berri bat ote? Bihotza punpaka, belarria paretaren kontra eman zuen; norbait musika klasikoa entzuten ari zen. Lila amesten hasi zen, Agian, paretaren beste aldean, laster lagun min bilakatuko zen pertsona bat bizi zen. Neska ala mutila? Bost axola! Lilak bakardadea ezin zuen gehiago jasan.

Musika gelditu zen. Ate soinu bat entzun zuen. Behatxulotik, auzoko berriari so egin zion; gizon gazte bat zen, begiak beltz-beltzak zituen. Atorra horia eta galtza laranjak zeramatzan. Kolore biziek haren begitarte zurbilarekin kontrastatzen zuten. Estralurtarra ematen zuen. Atea giltzatu gabe, eskailerak jautsi zituen. Lilak ez zekien zer egin; ate giltzatu gabeak erakartzen zuen… Gizona lanera joana ote zen? Beharbada, zerbaiten erostera jautsi zen eta minutu batetik bestera itzuliko zen… Lilak arriskua hartu nahi zuen; auzokoaren aparta- menduan sartu zen. Lehen gelari behako bat eman zion; sofa gorri bat, mahai bat kadirekin, apalak oraino hutsik… Ez zen ezer berezirik.

Ganbaran sartu zen; paretaren kontra, margolan andana bat metatua zen, margo eta pintzel anitzen ondoan, Lila hurbildu zen, pinturak hobeki ikus zitzan. Autopotretak ziren; gizona denetan triste agertzen zen. Emazte gazteak tipiena hartu zuen, eta bere apartamendura itzuli zen.

Egun osoa potreta miresten iragan zuen, auzokoaren bizitza asmatzen saiatuz. Hain triste izateko, segur aski, ama galdu zuen tipia zelarik… Orduan, aitarekin bakarrik bizi zen. Aita mozkortia eta bortitza zuen… Eskolan ez zuen lagunik…

Orduak pasatzen zituen margotzen, bere penen ahanzteko… Azkenean, Lila bezain bakartia zen. Zerbait asmatu behar zuen harekin harremanetan sartzeko. Afari bat antolatu, elkar ezagut zezaten, edo opari bat eskaini… Beharbada gehiegi zen …Edo, sinpleki, harengana joan, gatza falta zuela aitzakiatzat hartuz. Bai, hori eginen zuen.

Gauerdi zen auzokoa etxeratu zenean. Musikak zuen Lila iratzarri. Orduak iragan zituen haren zain, eta, azkenean, besaulkian lokartu zen. Beti hain berant itzultzen bazen, zaila izango zen elkar ezagutzea… Belarria paretaren kontra eman zuen; gizona pintatzen ari ote zen?

Biharamunean, auzokoak goiz alde egin zuen, bezperan bezala, atea hetsi gabe. Gonbidapena al zen Lila haren planetan sar zedin? Presa zuen gizonak margotu zuena deskubritzeko. Lasterka joan zen ganbararaino. Garrasi egin zuen; autopotretak desagertu ziren. Haien ordez, pintura berri batzuk zintzilikatuak ziren paretan. Larruazal kolorekoak ziren; erdian irekidura bat bazuten, zauria izan balitz bezala. Jakin-minez, Lila hurbildu zen. Zauriak hunkitu nahi zituen; nini baten larrua bezain leunak ziren. Ez ezagutu arren, Lila harengandik gero eta hurbilagoa sentitzen zen. Zerbait egin behar zuen hainbeste sufritzen zuen gizon horrentzat… Lagundu behar zion eguneroko bizian. Garbiketa egiten hasi zen. Lurrean zeuden jantziak armairuan gorde zituen, xurgagailua gela osoan pasatu zuen, eta berinak garbitu. Amaitu zuenean, Lila ohe gainean etzan zen, burukoaren usain goxoaz gozatuz. Ikusiz nola ahalegintzen zen laguntzeko, gizona laster etorriko zen harengana… Pintura tipiena hartu zuen, eta bere apartamendura itzuli zen. Ispilu guztiak kendu zituen, auzokoaren margolanak zintzilikatzeko. Ez zen gehiago hain bakarrik sentitzen.

Ondoko egunetan, ber errituala segitu zuen: garbiketa egin, pintura baten truke. Lilaren apartamenduak egiazko museoa iduri zuen. Lanean hasiko zenean, lankideei kontatuko zien nola hartaz maitemindu zen artista bat ezagutu zuen, haren musa bilakatu zela. Ez zen egiatik hainbeste urrunduko… Hala ere, kezkatzen hasi zen, auzokoa ez zitzaiolako oraino agertu. Ez ote zen konturatu ez zela gehiago bakarrik?

Goiz batez, Lila urduri sartu zen haren apartamenduan. Sumatzen zuen zerbait aldatuko zela. Beti bezala, ganbaran sartu zen, margolan berriak ikusteko; paisaia ilun batzuk zintzilikatuak ziren. Bazirudien margotuak ziren zuhaitzak mugitzen zirela. Lila dardarka hurbildu zen. Garrasi bat atera zitzaion; pinturak ispilu bihurtu ziren, ispilu beldurgarriak. Lasterka itzuli zen bere apartamendura; baina, han ere, ispiluak baizik ez zeuden. Begiak hetsi zituen eta negarrez hasi zen. Ez zuen gehiago bere aurpegi nazkagarria ikusi nahi. Etsitua, lokartzen saiatu zen. Agian, iratzarriko zenean ispiluen ordez pinturak agertuko ziren.

Gauerdian, norbaitek atea jo zuen. Ideki zuenean, Lilak gutun bat aurkitu zuen lurrean:

BAKARDADEA MAITE DUT.

NIRE LAGUN ONENA DA.

Ariketak

HIZTEGIA

 
 

ULERMENA

 

BERRIDAZKETAK

 

ERLATIBOZKO PERPAUSAK