Aingeru Epaltza, Iruñea 1960. Kazetaritzan lizentziaduna da, eta lan horretan aritua da hedabide ugaritan, hala nola Deia, Euskal Telebista edo Navarra Hoy-n. Itzultzaile hasi zen gero lanean Nafarroako Gobernuan. Ondotik, kolaborazio anitz argitaratu du egungo prentsa idatzian eta irratietan. Lehenbiziko idazlanak Korrok fanzinean karrikaratu zituen, 19841989 bitartean. 1990. urtean Nafarroako Ikastolen Federazioko lehendakari hautatu zuten. Urte berean, Rikardo Arregi saria jaso zuen Baloraziozko Kazetaritza atalean. 

Antzerki lan bat (Mugetan Irri, 1984) eta poema liburu bat (Ahur taupada geldoak, 1985) kaleratu bazituen ere, ondoko lanak narratibazkoak izan ziren: Sasiak ere begiak baditik (1986), Garretatik erauzitakoak (1989), Ur uherrak (1993), Lur zabaletan (1994) eta Tigre ehizan (1996). Eleberri labur honekin Euskadi Literatura saria irabazi zuen 1997an. Nafarroako Euskararen Kontseiluko ordezkaria izan zen, baina 1999an kargua utzi zuen Nafarroako Gobernuaren euskara politikarekin bat ez zetorrelako. 

1999an Joseba Jaka beka irabazi zuen, eta laguntza horri esker kaleratu zuen 2000. urteko azaroan Rock’n’roll izeneko lana. 2006 eta 2013 bitartean, Erresuma eta fedea trilogia argitaratu zuen, XVI. eta XVII. mendeetan kokatutakoa: Mailuaren odola (2006), Izan bainintzen Nafarroako errege (2009) eta Gure Jerusalem galdua (2013). 2007an Bezperaren bezpera atera zuen, Nafarroako abertzaletasunari buruzko saiakera-lana. Bere azken lana da Mendi-Joak izenekoa, 2017an argitara eman zuen narrazio-liburua, eta mendia duena hari nagusi, hori baita narrazio guztiek duten lotura. 

Baina “Mendi-joak” bildumakoak ez dira bakarrik mendiari buruzko ipuinak bakarrik. Mendiaren aitzakian edo, hobeto esanda, harajotzeko grinaren atzean ezkutatzen diren arrazoiei eta ondorioei tiraka gure gizarteko hainbat konturi heltzen diote istorioek. Ipuinotan azaltzen diren gertaeretan inplikatzeko gogoa duen irakurleak gozatu ederra hartuko du haiekin.

Ipuina

Kepak begiak finkatu ditu iratzargailuaren argi fluoreszentean. Aspaldi du atzarria dagoela, baina orain arte uko egin dio jakingarriari. 3:42. Berrogeita zortzi minutu gelditzen zaizkio ohean. Kalkulatu duenez, ordu eta erdi ere ez du lotan egin.

Poliki jaiki da, emaztea ez atzartzeko. Korridore iluna komuneraino zeharkatu du, paretekin ez bukaerako arasarekin topo egin gabe. Pixa etena egin du. Azkenaldian horrela izan ohi du: zorrotada motel bat lehenbizi, eta beste bat, are motelagoa, hainbat segundoren ondotik. Sumatu du ez dela osoki hustua, baina zakila inarrosteak ez du isuria berriz ere pitzarazi, tanta batzuk salbu; pijamaren galtzetara doaz gehienak.

Itzuleran, semearen gelari eman dio begia. Karrikako argiak errainu mehe batzuk isurtzen ditu ohe hutsaren gainera, pertsianak itxi gabeko leihotik. Bere ohatzera bueltatuta, jiratzen sumatu du emazte ustez lokartua.

-Izei? -galdegin dio haren boz logaletuak.

-Segi lotan -xuxurlatu dio gizonak-. Goiz da oraino.

Behingoz kasu egin dio emaztekiak. Minutu bat geroago zurrungaka ari da. Ez arrunt ozen, bai traba egiteko bezainbat. Kontrako aldera bira eginez, begiak bildu eta ahalegindu da burua pentsamenduz hustera. Bi-hirutan, Kepa loaren mugaraino hurbildu da gisa hartara. Guztietan, nahi gabeko gogoeta batek edo emaztearen inarrosaldi batek itzularazi du gaubeilara. 4:27an, jotzeko tenorea baino hiru minutu lehenago, itzali du iratzargailua, besoa mesanotxearen aldera luzatuta. Arestian bezain isilik kanporatu da, emakumearen loa urratu gabe. Gelako atea itxi ondotik, korridoreko argia piztu du oraingoan.

Dutxan, ahalik eta ur gutxien darabil, tanten asotsa laburtu beharrez bainuontziko zolaren kontra talka egitean. Bizarra ere ziztu bizian egin du. Presak ordain gaiztoa du: zauri txiki bat ezpainen gainean eta beste bat ezker aldean. Aftershaveak arrasto samina utzi du haien gainean. Agudo egokitu du soinean arropa jadanik prestatua.

Kafeontzia bete gabe, bezperako bazkalondotik sobera gelditutako kafeari esne tanta batzuk gehitu dizkio eta mikrouhin-labeari eskaini. Bi magdalena ito ditu katiluaren barnean. Motxila sukaldean berean da. Kantinplora urez betea eta ogi zaharra gehitu dizkie ohatzeratu aitzin sartu dituen jatekoei. Neguko botak ondoan ditu, plastikozko zaku batean, pioletarekin batera. Horiek guztiak eskutan hartuta, etxeko sarreraraino daramatza. Lumazko jaka ate ondoko esekitokitik dago zintzilik. Hura jantzi baino lehen komunera sartu da berriz, hortzak garbitzera. Handik ateratzean, ia-ia muturrez jo du emaztea.

Korridoreko argiak itsututa, emakumeak bilduxeak dakartza begiak. Senarraren paretik tarrapatan pasatu eta ezin konprenituzko zerbait murmurikatuz sartu da bainugela ilunean, atea osotara itxi gabe. Gizonak kanpotik aditu du haren xurruxta komun-zulora biltzen. 5:05ak dira. Gizona korridoreko argia itzali ez itzali dago istant batez. Ez du halakorik egin. Esku batean botak hartu ditu, bestean pioleta. Komuneko bilkariko paperaren hotsa emakumearen bozarekin batera heldu zaio, ulergarri oraingoan.

– Zer premia duzue hain goizik ateratzeko?

Isilka mintzo da, norbait atzartzeko beldurrez iduri, etxean senar-emazteak baizik ez diren arren.

-Bujaruelo urrun da.

-Bujaruelo!-puzka.

Gizonak ez bezala, komun-zuloko urari eragin dio emakumeak, korridorera berriz atera baino lehen. Haren aurrean zerbait irrigarri sentitu da Kepa, bera lumazko jakan, pioleta eta botak eskuetan dituela, eta hura, berriz, oinutsik pioleta eta kamisoi zurian. Senar zamatuari begiratu gabe, semearen gela hutsean finkatu ditu begi-zirrikituak. Haren galderak ez du mutil etxeratu gabearekin ikustekorik.

-Kranpoiak hartu dituzu, bederen? Kepak, buruz, keinu egin du bizkarrean lotua daraman motxilaren aldera.

-Kasu emazue.

-Trankil.

Emakumeak ezpainak aitzinatu bezala eskaini dio gizonak bere masaila. Musu arinarekin batera uzkurtu da andrearen sudurra. Galdera istantean heldu da:

-Dutxatu egin zara?

Harridura ezagun du doinuan.

-Noizdanik dutxatzen zara mendira joateko?

Erantzuna behar baino segundo bat gehiago luzatu du Kepak:

-lzugarri izerditu naiz gaur gauaz.

Emakumearen begiek, jadanik logale arrastorik gabe, zabal-zabalik egin diote so, distira hotz batez. Gizonaren begietan iltzatu dira lehenbizi, bizar egin berrian gero. Kepari azkura areagotu zaio aurpegian egin dituen bi zaurietan. Isilik bereizi dira, emakumea gelara, senarra sarrera aldera.

Txemaren furgoneta espaloiaren gainera igoa da, keinukariak piztuta. Lau begiko munstroa, goizaldeko giro hormatuan. Gidariaren ondoko jarlekutik, Juankarrek ziraun baten miztoaz heldu dio Kepari:

-Zertan ari hintzen? Potroak ere hoztu zaizkiguk hire zain!

Ibilgailuaren gibelaldea aski betea dago motxilaz eta poltsaz. Hala ere, bada oraino tokia Keparen gauzetarako. Atzeko jarlekuetan egokitu da, lumazko jaka kenduta.

-Ikusiko duk zer ostia txarrean egonen den Andoni -Juankar, teman.

-Sentitzen diat. Batere lorik egin gabe heldu nauk. 

Furgoneta, orro eginez, espaloitik jaitsi eta hiri mortuan barna abiatu da kale-argien argi hispean. Izotzak lausoturik daude auto aparkatuetako kristalak.

-Hori gertatzen zaik niri kasurik ez egiteagatik -Txemak. Orain arte isilik egon da gidaria-. Hamaika aldiz esan diat: orfidal bat aurreko gauean. Gure adinean, ez zagok edabe magiko hoberik.

Ibilgailuak behar baino abiadura handiagoa daramala iruditu zaio Kepari. Ez du, dena dela, txintik atera. Neska-mutil talde bat ikusi dute kontrako espaloian barna. Baldarra dute urratsa. Kepak begiak alferrik luzatu ditu, Izei haien artean ote den.

5:17ak direla besarkatu dute Andoniren etxepea. Zigarroa lurrera botatzeko egin duen jestuan ezagutu diote artegatasuna. Keparen ondoan jarri da, berak ere bere gauzak atzean utzita.

-Aluak. Ni gabe joanak zinetela pentsatzen hasia nintzen. Noiz eta gaur.

Purrustadak hartzaile kolektiboa du. Txemak beretako hartu du, auskalo zergatik.

-Aizak, nik aski egiten diat banan-banan zuen bila etorrita -erantzun du gidariak, Keparekin erabili ez duen doinuan-. Hire volvoa hortxe gelditu duk, garajean sartuta.

-Ezin nian Josefina autorik gabe utzi -defendatu da etorri berria.

-Eta clioa?

-Oiherrek hartzen dik asteburuetan.

Juankar tartean sartu da, ez ordea bake-emaile. Gorputza itzulita, behatza luzatu du Keparen aldera.

-Errua señorito honek dik -salatu du-. Hamar minutuz eduki gaitik esperoan.

Kepak begiratu gaiztoa luzatu dio bere lagunari.

-Hara, Juankar, nahi baduk zainak moztuko ditiat nire bekatua garbitzeko.

Txemari libertigarria iruditu, nonbait, Keparen ateraldia.

-Ongi iruditzen zaidak, baina furgotik kanpora. Ametsetan ari haiz, uste baduk utziko diadala nire orga odolez zerritzen!

Andonik algara egin du, algara urduría. Kepak haren ezinegona usaindu du ondoan jarri zaion momentutik. Juankarrek baizik ez dio irriari uko egin. Kepak badaki zer duen: ez du lortu Andoni eta Txema bere kontra jartzea eta horrek min eman dio.

-Gaur inoiz baino gehiago ahalegindu behar genuen orduz ateratzen. Dirudienez, hori niri baizik ez zait axola.

-A ze presa -sasta, Txemak-. Atera ezak txilibitua leihotik kanpora, ea pixka bat hozten zaian.

Puntu bat goiti egin du, furgonetaren barnean, zalapar algaratsuak. Andonirenak, bereziki, badu kutsu gehiegizko bat, kasik histerikoa.

-Zuek irri egin, baina 5:30ak baino beranduago ailegatuz gero ez digute irekiko -Juankarrek, mindurik.

Hala gertatzeko menturak isilarazi ditu lau bidaiariak. Karrikartea utzita, ibilgailuak orube hutsak, garabiak eraikin burutu gabeak ditu ezker-eskuin. Auto batek aitzinatu ditu ziztu bizian. Hotzagatik ere, leihoak irekiak ditu eta handik musika karrankaria egozten.

-Ea burua kraskatzen duan, astapitoa -listukatu dio Txemak, hortz artetik.

-Ez esan hori -kargu hartu dio Andonik.

-Zergatik ez?

-Oiher izan litekek.

-Batzuetan nazkagarriki minberak gertatzen zarete aita familiakook!

 

Probintziako futbol zelai nagusiaren ondotik pasatzen ari dira. Porlanari eginiko omenaldia dirudi aurrealdeak. Haren foku gehiegizkoek uztaileko eguzkiaren indarrez argiztatzen dute alferrik, inorendako ez otsaileko ilargipeko espaloi hutsa. Atzerago, iluntasunak inguratzen du beste eraikuntza bat, kirol zelaia bezain handia, baina mausoleo erraldoi bat bezain erabilera zantzurik gabea.

-Kranpoiak ekarri dituzue? -galdegin die Kepak besteei, emazteaz oroituta.

-Hik bai? -Andonik.

-Nik bai.

-Eskerrak, premia handikoak izanen dituk orain.

Bere irrika nabarmenak motelarazi du Andoniren trufa

-Gero beharko ditiagu.

-Inor pentsatzen ari ote da gerokoaz?

Txema furgoneta aparkatzen ari da. Futbol zelaiko fokuek baino hagitzez gutxiago argitzen du espaloi gaineko argi gorriak. Neoiaren azpian, begitara jotzen du zurezko ate zuri distiratsuak; klase horretakorik ez da ikusten inguruko eraikin eskasetan.

-Hau da tokia?-Juankarrek.

-Ez disimulatu -gidariak-. Aitortu zenbat aldiz utzi dituan hire seme-alabak ingeleseko klaserik gabe, hona etortzeagatik.

-Kabroi gezurtia! Nire lehen aldia duk hemen.

Andoni da lehena auto atea irekitzen.

-Bizkor, ez ditek oraindik itxi.

Kepari halako zimiko bat egin dio saihetsean, bere ondotik ateratzeko gonbita. Zirkinik ere ez du egin, ordea. Juankarrek, berriz, segundo bat gehiagoko lana du lagunaren bideari segitzea.

-Hori duk, hori, hankartean azkura -Txemak, erdeinu miko batez.  

Iduri du gidariak bazterren ezagutzailearen patxadaz hartu duela kontua. Diru zorroaren barnean miatu du, zerbait egiaztatu nahi antzean. Bi kanporatuek, bizkitartean zurezko ate zuri distiratsua ireki dute eta, atalasea zeharkatuta, solasean ari dira gazte batekin. Gaitzeko gizasemea, larruazal zuri-zuria, ile hori motxa.

-Yuriy, ukrainarra. Horrekin, kasu.

Kepak ez dio zergatirik galdegin. Eskatu gabe heldu zaio azalpena.

-Behin, nesketariko batekin kapar samar jartzen ari zen bati besoa hautsi zion ni bertan nintzela. Ea Juankar mihia loturik edukitzeko gauza den.

Bada gauza. Ikusten dutenaz bezainbatean, bai. Beren bi lagunek barnera egin dute, batak bestea bizkarturik eta biak onik. Kepak dezepzioa sumatu dio Txemari. Beharbada esperantza zuen, Yuriyk bere abilidadeak erakutsiko ote zituen lagunaren kokotsean.

-Goazen -bat-batean zaputz.

Кера ez da mugitu.

-Ez hator? -galdegin dio Txemak, jadanik furgonetatik at, harridura nabarmenaz.

Zangoak elkarrengana bildu ditu Kepak. Kanpotik hotz alimalekoa sartzen da.

-Etxea zaintzen geldituko nauk.

“Zahar etxeko agureek nik baino gehiago egiten ditek”. Lehengoan esan huen.

-Hobeki pentsatu diat.

-Gero negarrik ez guri.

Kepak Txemaren urrats mindua begiztatu du ate zuriraino. Atezainak zerbait esan dio, eskumuturreko erlojua haren begi pareraino jasorik. Pasatzera utzi dio, hala ere, hitz truke motx baten ondoan. Begiak furgonetaren okupatzaile bakarrarengana zorroztu ditu ukrainar ile-horiak. Kepak irribarre burlati bat ikusi uste dio, atea itxi aurretik.

Ariketak

LEXIKOA

 
 
 
 
 
 
 
 
 

BERRIDAZKETAK