Sarrera

Inma Errea Cleix (Iruñea, 1960ko) itzultzailea eta idazlea da. Itzultzaile gisa, Haserretu zaitezte! sona handiko lana euskaratu zuen 2011n, Stéphane Hessel frantziar diplomatikoak idatzitako saiakera liburua, hain zuzen ere. Eta idazle gisa, Literatua eta harrikoa saiakera liburua eman zuen argitara 2003an, Pamiela argitaletxearen eskutik. Literatura femeninoari buruzko saioa da, saio adierazgarria eta adierazkorra, emakume literatura zer den eta zergatik den horrelakoa azaltzen ahalegintzen dena. Inma Erreak euskal literaturan emakumeak izan duen eta duen garrantziari ematen dio begia, eta aurreratu ere bai zer izan daitekeen geroan.

Horrez gain, kolaborazioak egin izan ditu prentsan eta egile anitzeko liburuetan. Horietako baten adibidea da hona ekarri nahi izan dugun bere ipuina, Maleta. Izan ere, Pamiela argitaletxeak Nafarroa Garaian eta Beherean egiten den literaturaren antologia osatzeko xedez argitara emaniko 39 idazle nafar izeneko liburuan bildutako narrazioen arteko bat baita.

IRAKURRI AURRETIKO ARIKETA

 

 

Ipuina

“Aizu, gazte, maleta hori… Ausardia da galdetzea, baina… ez zenuen, ba, erosiko Emausen, ezta?”

(9. lineako autobusa, Iruñeko tren-geltokia, 17:17)

16:51. 9. lineako autobusa (NUP-RENFE). Paulino Caballero 39

-Ufa, eskerrak gidariak itxaron digun!

-Taxia hartuz gero, lasaiago…

-Hi! Nik saiatu behar diat ahalik eta gutxiena gastatzen… Ama langabezian, berriro, eta ahizpa, laster Unibertsitatera! Ea lan bat sortzen zaidan!

-Lasai, neska, Anderrenean, aurreztuko dinagu. Ez dun izanen egoitza bezain garestia.

-Hori egia duk.

 

“Ez da izanen! Edo bai… Zenbat urte? Hogei? Hogeita bortz? Hogeita hamar ere, honezkero… Bortz, Joxe Mari joan zenetik, eta Nikolasena askoz lehenago izan zuan. Atzendu zait! Ezin atzenduan ibili ninduan hasieran. Eta orain maleta hori ikusi, eta ezin asmatu noiz izan zen! Nikolasen adinekoa edo, mutila… Nikolasek zeukan adinekoa edo. Neska, gazteagoa… Baina maleta berdintsua duk. Edo berbera… Zaharragoa ematen dik, baina ez hainbertze. Larrua esker onekoa duk… Eromena duk, baina, hala ere… Maleta bera iduritzen zait”

16:53. 9. lineako autobusa. Merindadeen plaza

-Ez zigun begirik kentzen…

-Zer? Mireni ari nintzaioan whatsappez… Baina nork ez digu…?

Ah, emakume zahar horrek?

-Aizan, disimuluz!

-Maletari.

-Zer?

Maletari begiratzen diola. Hire maleta zahar horri.

 

«Bizkor baitoa bizitza, fite! Gazte horiek ez zakitek oraindik, baina ohartuko dituk… Haurtasunean presa zaukaagu heltzeko. Gure Nikolasek ere, halaxe. Bertzeek baino presa handiagoa, igual. Handiegia, akaso. Gauzak berehala iristea nahi izaten zian. Eta hala etorri zituan gauzak, agudo… Ez baikenuen leku batean gelditzekoa gure Niko… Joan behar zian, joan, ez zuan erraz laketzen. Igual Joxe Marik onartuz gero… Baina hura ere buru gogorra eta harroxko…Ni ere ahalke ninduan, nola ez, ba? Entzun behar ordukoak! Maritxu, gutxiena! Behin hala aditu niean hirugarrenekoei… « Aizan, laugarreneko mutiko hori, Elbirarena… maritxu dun. » Karrikara joatekoa ni, eta hura aditu, eta, poliki-poliki, gibelera. Ohartuko zituan, ahopeka hasi baitziren. Eta ni, haiek ateak ixtearekin batera, karrikara. Pauso tinko eta biziez, takoiekin zarata eginik, ohartu zitezen. Maritxu…”

 

-Anderrek dioenez, adinarekin lotsa galtzen din jendeak.

-Ez diat uste. –

– Baietz, neska! Ni ere ohartu naun. Egoitzan ikusi dinat egia dela.

-Ander, Ander… Zenbat denbora darama Anderrek hor hainbeste jakiteko?

-Urtebete. Urritik, titularraren eszedentzia betetzen…

-Ez zagok gaizki… Agian hi ere kontratatuko haute praktikak eta gero… Baina, zaharrekin, hitz gutxi eginen duzue gimnasioan… Ala banaka ere aritzen zarete?

-Ez. Taldeka beti, aparatuetan, eta mugimendu leunak eginarazten. Lanak, guztiak batera artatzeko! Oihuka hasten ditun, noiz tokatu behar zaien… Eta hori, bi gaudenean! Ezin imajinatu fisio bat bakarrik dagoen egunetan!

-Eta lotsarena, nondik atera du Anderrek kontu hori ?

-Zahar-etxeetan guztiek zakiten hori. Denbora kontua… Adinekoek denbora gutxiago dutela sentitu, eta zuzen-zuzen joaten ditun. lotsarik gabe.

-Eta zer ikusirik al du horrek lotsa izpirik gabe guri begira, edo hobe esanda, hire maleta zahar horri begira, ari den atso horrekin?

-Ez zakinat, baina agian lotsarik gabe aritzen ohituko gaitun behin adin batera iritsita…

-Hi eta hire teoriak…

-Ez dun jakin nahi zergatik begiratzen digun?

-Bo, ba, egia esan, bai… Baina, gu gazte gaituk, eta ez diogu galdetuko, ezta? Ez gaituk egoitzako zaharrak bezain lotsagabe… Gero imajinatzen saia gaitezke! Trenean, ez aspertzeko

-Adinekoak ditun, ez zaharrak… Trasteak ditun zaharrak, Pertsonak, adinekoak…

-Hori ergelkeria! Euskaraz beti zaharrez mintzo gaituk. Adineko, adineko… Eta gero zahar-etxeez aritzen gaituk, eta zahar-egoitzez…Hipokrita galantak!

16:56. San Ignazio 5-7

-Ohartu duk.

-Bai?

-Bai, eta begirada desbideratu dik.

-Hi, ere, ez haiz ibili disimulutan….

-Nahi gabe izan duk.

 

“Neskak begiratu zidak… Ohartuko zuan… Gaizki pentsatuko ditek nitaz… Orduan bezala…Joxe Marik berak… Argi ez zidaan erraten, baina ederki nekian haren iduria… Semea nik bultzatu nuela galbidera. Horixe uste baitzuen! Nikolas harat-honat hasi zenean, gazte-gaztea, erraten zidaan gaizki hazia nuela. Gero ere, nik neuk urteak eta urteak eman nitian pentsatzen ni nintzela erruduna. Niko umetatik iruditu baitzizaidan desberdina… Nik eginen nian mizkin. Edo akaso bazuan berez… Alabak gomendatu zidan terapia horretan aritu nintzenez geroztik, lasaiago nabilek, baina lehen, zenbat gau ote nituen pasatuko bueltak ematen kontuari!»

 

Bai? Manoli? Baai… Bidean, villavesan… Lasai, ni ere berandutua… Ixabel ere… Horixe… Konforme, orain artio…

 

-Segapoto eta guzti!

-Adinekoa dun, ez antigoalekoa…

-Gure amatxi ez duk moldatzen…

Bakarrik bizi duk, bere gisa beti… Etxean medailoiaren zerbitzu hori zaukak, baina ama beldur duk kalean zerbait gertatuko zaiola. Eta nahi dik amatxik mugikor bat eramatea. Baina amatxik…

-Zenbat urte ditu?

-Laurogeita zazpi…

-Emakume horrek gutxixeago…

16:58. Sarasate pasealekua

«Harritu dituk mugikorrarekin… Hori duk gazte askoren ajea. Pentsatzea bakarrik haiek direla modernoak. Ikusi beharko nindukete Interneten! Poliki moldatzen nauk. Hala jakin nian zer den ashram bat, eta non ibili zen Niko Indian… Zer bizimodu zeraman. Hala ohartu ninduan ez zegoela gure eskuetan, ene eskuetan, ezer aldatzea. Istripuaren tokia ere ikusi nian gugelmaps horretan… A zer bideak! Ez baita harritzekoa halakoetan istripuak gertatzea… Beti gustatu izan baitzait kuskuseatzea, eta beti izan naiz modernoa! Garai batean disimulatu egiten nian, ez bainuen eman nahi eskandalurik, aski izan baikenuen Nikolasenarekin… Joxe Mari klasikoagoa zuan, eta oso gaizki eraman zian berria zabaldu zenean. Inoiz ez diat jakin zerk kolpatu zuen gehiago, semea galtzeak hala jende guztiak jakiteak. Joxe Marik hagitz maite zian Niko, baina jendaurrean nabarmen gelditzeak ere min handia eman zioan. « Joven pamplonés muere en accidente en el sur de la India. » Hori izan zuan egunkariko izenburua… « Hijo de un conocido industrial de la plaza ». Eta berria ziztu bizian hedatu! Eta Joxe Mari errabiaturik. « Industrial de la plaza…

17:00. Navas de Tolosa etorbidea

 

-Andre dotorea duk…

-Bai, amona ekartzen zidan gogora.

-Tolosakoa?

-Bai.

 

«Denda bat bertzerik ez, eta, hala ere, bagintuan nor Iruñean, iduriz… Guztien ahotan jarri gintian Nikolasenak. Bezero batzuk doluminak ematera etorri zituan. « Osasuna gomendatzeko », erraten zitean anitzek. Edo « Jainkoak kontsolamendua ekarriko », bertze hainbatek. Baina zenbaiti urrundik igartzen zitzaizkiean malko zuriak. Eta jakinmina… Lotsarik ez baitzuten galdetzeko. Norekin zihoan Nikolas nor zen harekin hildako mutila… Joxe Marik ezin zian egoera harekin. Eta ministeriotik deitu ziotenean semearen gauzak Madrilen genituela errateko, deabruak eraman zuen! Zergatik ekarri zituzten Nikoren gauzak hura han gelditu bazen… Nik erraten nion, behin eta berriz: « Joxe Mari, ez ezak egin odol gaiztorik horrekin… ». Baina kasurik ez, hark! Ez niri, ez Martini! Alabak konbentzitu zian. Arantxa aitaren begikoa izan duk beti, eta hari esker erdietsi genian. Arantxa eta Martin Ma- drilera joan eta anaiaren gauzekin itzuli zirenean, a zer negarrak nik! Joxe Marik, berriz, zero, deus ez, ene aitzinean behinik behin, ezer ez! Nik maleta hori gorde nahi nian, baina ez zidaan utzi…»

17:02. Baiona etorbidea 4

 

-Irribarre egin ziguk.

-Atsegina ematen din.

-Bai…

 

«Baina zenbait gauzatan ere modernoa zuan Joxe Mari. Oraingo gazteei kontatuz gero harritzen dituk, bertze egunean Maddi iloba bezala, baina guk kondoiak erabiltzen genitian. Debeku eta guzti! Botikari batzuek Frantziatik ekartzen zitiztean. Altsasuko batek Ubarminen kontatuta jakin nian kamioizaleek pasatzen zituztela kondoiak, tutu txiki batzuetan, tutuen muturretan babarrunak paratuta, disimulatzeko… Bienke… Zer eramanen du gazte horrek maletan? Ikasleak izanen dituk… Maleta horrek… Nikolasena bada, marka bat edukiko dik… Albertoren oparia izan baitzen, eta Albertok berak egindako marrazki moduko bat zeukaan, bien inizialak lotzen zituena. Alberto artista bat baitzen… Ez al zegoen maletaren beheko aldean? Behin baino ez nian ikusi, istripua eta gero, maleta seme-alabek etxera ekarri zutenean. Inizialena Nikok berak kontatuta zakiat, dei haietako batean, Mutila saiatzen zuan harremanei eusten, eta etxera deitzen zian Indiatik Joxe Mari ez zegoenean. Behin Joxe Marik hartu, eta deus ere erran gabe moztu zian. Gero kontatu zidaan… Eta bertze batean, Joxe Mari etxean eta nik hartu, eta disimuluan iharduki nik, lagun bat nuelakoan edo, Joxe Mari, jabetu ere ez! Maletari marka ikusi ahalko banio… Kaka zaharra! Pasatu diagu Donibane, eta ni jaitsi gabel»

17:10. Nafarroa etorbidea

 

-Justu-justu ibiliko gaituk trena hartzeko

-Ikastetxeetako irteera…

-Hori duk, bai…

 

Sanduzelain jaistea ez dik merezi… Hobe tren-geltokiraino joan, eta itzuli Donibaneraino… Igual berriz ordaindu behar, baina… Eta Manoli eta Ixabel, zain…»

 

-Emakume hori ere trenera joanen da?

-Ez diat uste… Baina arraroa duk honaino etortzea…

 

« »Aizan, Elbirita, geltokiraino joan behar dunala aprobetxatuta. Zergatik ez dien galdetzen maletari buruz? » « Ai, ez, neska, ez! » Edo, bai… Agian eginen diat… Zergatik ez?»

 

-Baina zer ari da? Guregana dator!

-Aizak, bizkor, heldu hire bi maleta handi horiei… Ez dinagu astirik kasik…

-Hiregana zatorrek..

17:17. 9. lineako autobusa, Iruñeko tren-geltokira iristen

 

-Aizu, gazte, maleta hori… Ausardia da galdetzea, baina… Ez zenuen, ba, erosiko Emausen, ezta? Nire seme batena zen… Marka bat du behealdean…

-Barkatu, andrea, baina trena hartu behar dugu…

-Joan, joan, ez du axola…

17:33 Bartzelonarako trenean

 

-Azkenik Eskerrak trena ere berandutu den!

-Hurrengoan, taxia hartuko dinagu.

-Aizak, zer esan dik emakume hark?

-Maletaz ari zunan… Seme batena zela… Marka bat du behealdean.

-Begiratu duk?

-Ez, presarekin…

-Begiratu orain.

-Baina maletategian zagon…

-Ni joanen nauk.

-Zer?

-Ba, bai! N bat eta A bat! Elkarri lotuta. Oso marrazki polita

-Nor izanen zen haren semea? N ala A? Eta nor izanen zen bestea? Bikotea… Eta zergatik zegoen maleta Emausen?

-Ideiarik ez. Baina imajinatzen ahal diagu… Orain, trenean, ez aspertzearren…

Ariketak

HIZTEGIA

 

aditz ALOKUTIBOA

 

ULERMENA