Sarrera

Angel Erro Jimenez (Burlata, Nafarroa Garaia, 1978ko maiatzaren 12a) euskal idazlea da. Poesia landu du batik bat. Halaber, Volgako batelariak izeneko literatura blogeko partaide ere bada.

Poesiaren alorrean Eta harkadian ni (2002, Elkar) eta Gorputzeko humoreak (2005, Alberdania) lanak aipatu ahal dira. Horrez gain Lerro etena (2004-2018) egunerokoa ere aipagarria da. (2019, Elkar). Euskal prentsan ohiko kolaboratzailea da, Berrian adibidez zutabegile gisa ari delarik azken denboretan.

Gezurtiaren estrategia ipuina, Pamiela argitaletxeak Nafarroa Garaian eta Beherean egiten den literaturaren antologia osatzeko xedez argitara emaniko 39 idazle nafar izeneko liburuan bildutako narrazioen arteko bat da.

Ipuina

Cristinak bere urtebetetzea ospatu behar du Gorriti kalean zahar-berritu duen etxebizitza terrazadunean. Aspaldian da lagunokin ez dela egoten eta, jai gose, nahi du denok joanda ederra egin dezagula.

Nik etxean gelditzea erabaki dut, baina ezin diot horrela esan. Jendeak maiz kontrakoa aldarrikatu arren, adiskide on bati gehienbat esan behar zaio gezurra. Astelehenean odola atera behar didate (tratamendua gehiago geroratu gabe hasi edo ez erabakitzeko) eta ez nabil oso adoretsu, susmoa baitut tramite hutsa dela odol analisiarena, medikuak, ekin behar diodala argi daukan arren, azken odol ateratze hau erabili nahi duela atzekorik ez duena onartzen has nadin. Halere, oraindik dut lasai egoteak on egin ahal didalako irudipena eta horregatik nirean gelditzea erabaki dut.

Inaugurazio festara Alex joanen balitz sikiera. Alex joango balitz, berriz pentsatuko nuke, aurrekoa baino irudipen sendoago batek esaten baitit Alex ikusteak on eginen lidakeela eta berarekin egoteak -joan den asteburuan bion artean inpentsan sortutako intimitateari garatzeko aukera emateak- nolabait salba nazakeela astelehenean zain dudan halabeharretik. Baina bera ez dago Cristinak ireki duen whatsapp taldean eta ez naiz ausartzen zuzenean galdetzera, batez ere ibili eta bueltan ezezkoa emateko baldin bada.

Lan kontuengatik Logroñora joan behar dudala erantzun diot pribatuan Cristinari. Urteak dira ez naizela Logroñon egon, iruindarrok aisialdia orohar Iruñean bertan edo gehienez ere iparralderantz bideratzeko ohiturari men. Arreta handia izan dut aitzakiarako hitz zehatzak aukeratzerakoan. Natural itxura izan behar du. Neure burua gehiegi ez desenkusatu. Deitorea ez puztu ere.

Gogoan dut behin irakurritako saiakera bat, gezurtiaren estrategiari buruzkoa, Apuleioren Urrezko Astoako Hemo pertsonaiaren gezurren aztarna testualak aztertzen zituena. Latindar nobela klasikoaren irakurleak erraz jakin lezake, eleberriaren pertsonaiak baino lehenago, hitzei kasu emanez besterik gabe, iruzurretan ari dela Hemo bidelapur faltsua, baina bahituta duten piratek ez dute asmatzen; begiez fidaturik ez diote kontraesanei kasu ematen. Gezurra hitz kontu bat da, ez imintzio konturik. Ironia gauza bera. Ironikoak nahita uzten ditu arrastoak esandakoan, solaskideak jokoari, errealitatetik hitzetarako aldeari, antzeman diezaion. Gezurtiak, antza, nahigabe. Horrexegatik, idazketan arreta berezia jartzen dut. «Benetan sentitzen dut, Cristina», hasi naiz.

Larunbatean etxean gelditu naiz. Igandean ere ez dut gauza handirik egin, telesailak ikusi bata bestearen atzetik. Eta astelehenean, ospitalean, odola atera berri, Cristina topatu dut Virgen del Camino-ko kafetegirako bidean. Gertagarriaren baitan zegoen, zer txandatan ari zen, emagin egiten baitu eraikuntza berean. Aita kontsulta batetik atera eta bila joateko noiz deituko zain nagoela azaldu diot berari eta ezinbestean ondoan dituen lankide pare bati, zeinek hortik gutxira agur esan eta alde egin baitute, biok bakarrik utzita. Orduan hasi da bera festan oso ongi pasa zutela esaten, kristoren parranda, garai batekoen modukoa, La Pulga-n amaitu zutela, pentsa, faltan bota nindutela, mundu guztiak nire galde egin zuela, ea ni zer moduz Logroñon.

Irudipena izan dut tonu berezian, burlaizez, galdetu didala eta, susmorik ote duen pentsatzeari utzi gabe, berritu diot Actual jaialdiaren kudeaketa kontu batzuk bertatik bertara kontrolatzera joan behar nuela, kultur hornidurarenak eta azkenean Micah P.Hinson-en kontzertura gelditu nintzela, behin hor negoela, bertako lagun batzuekin. Sin más. Paseo bat eman genuen lehenago, bai. Laurel kalean txanpi tapa ospetsuak dastatu. Batek Alcampo supermerkatuan aurpegiko krema batzuk erosteko aprobetxatu nahi zuen, urre partikuladunak, on-onak, oso merke (bederatzi eurotan!) saltzen dituztenak; dermatologoek ere gomendatzen dituzte. Gehiegi hitz egiten ari naizelako sentsazioa dut baina Cristina da erasaten didana. Espolón pasealekuan izan al naizen ere galdetu dit. Galderaren zehatzak eragin didan harridura disimulatzeko edo, bertan ateratako argazki bitxi bat (Francoren zaldiaren barrabilei egina) erakustekotan egon naiz baina ezin, sakelakoa seko baitut, bateriarik gabe.

Irribarre maltzur batez, Alex ez ote dudan Logroñon ikusi galdetu dit segidan. Bera ere hara joan zelako larunbatean, egun pasa eta kontzertu berera. Aztoratuta, orain zer esanen, ezetz erantzun behar izan diot, ez dudala ikusi, Alex ateratzearena orain zertara datorren buruan trumilka dabilkidan bitartean. Tranpa jarri nahi dit? Farol bat da? Zer demontre ari zen Alex Logroñon? Norekin?! 

Kontzertura berandu heldu nintzela, eta hiritik gehiegi ibili ere ez, azaldu arren, Cristinarenen itxurazko ez sinetsia handituz doa. Zer esango ote zion Alexek? Neure burua gezurtatzen ari naiz? 

Azkenik, tortura honekin amaitzeko, bide laburrena hartzea erabaki dut:

«Gezur gehiagorik ez, Cristina. Zerbait aitortu behar dizut.

«..»

«Logroñon… zera… Alex eta biok… elkarrekin ibiltzen hasi gara.»

«Ez zenuen esan beharrik. Berak dagoeneko kontatu dit.»

Ariketak

HIZTEGIA

 

BERRIDAZKETAK

 

SUBJUNTIBera