Sarrera

Errenteria, 1949. Gizarte Laguntzarako ikasketak egin ondoren lau urtez bizi izan zen Parisen eta han Filosofian lizentziatu zen 1973. urtean. Frantziako hiriburutik itzultzerakoan, euskara ikasteari ekin zion; irakasle egon zen lehenengo Zarauzko ikastolan eta Lasartekoan geroago.

Zenbait urtez Oinarrizko Heziketan eta IRALEko irakasle gisa jardun zuen. Egun, Literaturaren Didaktikako irakaslea da Donostiako Unibertsitate Irakasle-Eskolan (EHU). Argia, Egin, Punto y Hora eta Anaitasuna-n batez ere artikulugintzan jardun izan du, eta gaur egun ere horretan dihardu zenbait aldizkari eta egunkaritan.

1982an lehenengo ipuin liburua argitaratu zuenetik Haur eta Gazte literaturan eman ditu bere literatur ekoizpenaren lanik gehienak. Berritzailea eta kritikoa izan da esparru honetan. Oparoa liburuak idazten (hogeitahamar bat titulu argitaratu ditu); hizkuntza askotara itzulia (katalana, galiziera, gaztelera, ingelesera, frantsesera, alemaniera, grekerara, arabiarra, koreanoa…); jende askok irakurria; sari askoren irabazlea eta beste zenbaiten hautagaia; irakurzaletasunaren sustatzaile nekaezina…

Piton sugea ipuinaTxalapartak argitaratu zuen Gutiziak izeneko liburuan (gutizion egileak euskal emakumezko idazleak dira). Gainera, Alukiss. Basotik edanez liburuan ere argitaratu zen testu hau (Antton Olariaga eta idazle askoren arteko liburua, Ereinek kaleratutakoa).

Ipuina

…zeharka hitz egiten dudala, zeharka nabilela, eta zer? Bada horregatik, hain zuzen, marra zuzenari diodan amorru eta gorrotoagatik, hurbildu nintzaion berari, Jemaa el Fna plaza marokoar hartan, eta igual-igualak ginela iruditu zitzaidan, benetako izaera ezkutuari dagokionez esan nahi dut, maitasun beharrak narrasti eta bihurri bilakatzen baikaitu, korapilo eta uztai afektiboak sortzen…

nola ulertu bestela, etxera heldu eta osasunez sendo eta oihanean ohitutako bi metro eta erdiko piton sugea nire bizkarretik gora igotzen aritzea, laztan herabetiz nire belarriak amultsuki laztanduz hastea…

esaidazue zer esan nahi duen horrek, norbait maitatzeko behar ikaragarria duela ez bada, animalia gajoa kariño faltan, kariño faltan hiri handi honetan, eta nire lepoa inguratuz bere burutxo berdea aurpegira begira-begira geratzen zaidanean egungo populazioaren hazkundeaz hitz egiten diot nik, nola hirian gero eta jende gehiago dagoen gu gero eta bakarrikago gauden bitartean, eta horrelakoetan, ez dago munduan berak ematen didan baino besarkada estuagorik, sutsuagorik, burutik hasi eta hanka puntetarainoko besarkada, sentsazio esplikaezina, ene piton maitea…

eta hori ezin dute ulertu etxera etorri eta hirian naufragatutako piton suge ederra sofan etzanda ikusten dutenek, are gutxiago lurrean biribildua aurkitzen nautenean, eta zaila egiten zait ezertxo ere ulertzen ez dutenen galderei erantzuten hastea, ea zer jaten duen nire piztia horrek, ea akuririk edo arratoirik ematen diodan, eta ziur nago erotzat hartzen nautela noiz irentsiko nauen zain nagoela aitortzen diedanean.

Ariketak

BERRIDAZKETAK

 

ADIZKIAK

 

ERLATIBOZKO Perpausak

 

ZEHAR GALDERAK

 

ULERMENA